XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ordezkaritza bat zabaldu behar zuen aitaren enpresak Ekialde Urruneko hiri hartan, eta nahiz eta berak batere gogorik ez izan, ezin zion ezetzik eman.

Gutunez eta telefonoz maiz egonak ziren azkenaldian, eta agindua zion aitari.

Eguzkia itzali egin zen.

Autoa bide bazterreko zabalune batean baztertu nuen.

Haren hurrengo esaldi dardartiari malko bat zerion.

- Ez dakizu zein gogorra den hau niretzat.

Eskuineko eskua bildu zidan bete biekin.

- Ez zara denbora askorako joango, ezta?

- Ez dakit. Oraingoz hiru hilabeterako, eta gero ikusi egin behar.

Begiak itxi eta burua bolantean apoiatu nuen.

Laino baten gainean bizi nintzen azken hilabeteetan eta, lainoa ezabaturik, lurraren kontra mazpildu nintzen.

Akabo Edurne, akabo bizipoza.

Nire ardo kupela ozpin bihurtua.

Haserrea nahastu zitzaion tristurari.

Ergel hutsa izan naiz, inozente hutsa.

Ederra kontua.

Eltzea sutan jarri eta agur, eta hor konpon Marianton.

Nola ez naiz jabetu jostailu bat izan naizela Edurneren eskutan.

Ohez ohe ikusten nuen: japoniarrak, yuppi estatubatuarrak, bulegoko neskak... eta ni bitartean mozolo-mozolo zain, noiz etorriko.

Ez zegoen eskubiderik, ez zegoen gizabiderik.

Izoztuta geratutako odola irakiten jarri zitzaidan.

Burua jaso eta zera jaurti nion begiratu gabe.

- Zuk ez nauzu maite!

- Ez esan hori. Zuk badakizu zenbat maite zaitudan.

- Maiteko baninduzu ez zinateke joango Kontxintxinara, ni trapu zahar bat bezala botata!

Nire doinu zakarretik urrunduz, usteen esentzia-fraskoa ireki zuen erantzuteko.

- Uste nuen ulertua zenuela gure harremana.

Ni emakume berezia naiz, eta gure harremana ere berezia da